480 ikaslek hartu dute parte harreman fisiko eta digitaleko inguruan ongizatea sustatzen duen Sentiktuz programan
Udalerriko 11 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 480 ikaslek parte hartu dute harreman fisiko eta digitaletan ongizate integrala helburua duen Sentiktuz izeneko programan. Hori Getxoko Udalak antolatu zuen 2018ko azken hiruhilekoan, adikzioak prebenitzeko egitarauaren barruan.
Ekimenean parte hartu duten zentroak hurrengoak izan ziren: Divino Pastor, Zubileta, Zabala, Azkorri, Trinitarias, Larrañazubi, San Inazio, Andra Mari, Europa, eta San Nikolas eta Gobela ikastolak. Horietako 20 gelatako 10 eta 11 urteko 253 mutilek eta 227 neskak, bi orduz, harreman fisiko eta digitalen, emozioak kudeatzearen eta afektibitate eta sexu harreman osasungarriak garatzearen inguruan hausnartzeko aukera izan zuten, teknologia berriek ikasleengan duten eragina aztertzearekin batera. “Gai horiek lantzeko beharra atzeman zen aurretik egindako beste jarduera batzuetan. Nerabezaroaren aurreko urteetan nortasunaren garapenaren zati garrantzitsu bat ematen da, sexualitatea eta alderdi emozionalak barne, eta horregatik berebiziko garrantzia hartzen dute taldeak, familiak, irakasleak eta testuinguruak. Programa hauek antolatzearekin batera, oso garrantzitsua da familiek, irakasleek eta ikastetxeek ere horrelako ekimenetan parte hartzea”, nabarmendu du Elena Coriak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Helburuak eta ondorioak
Sentiktuz programaren helburuen artean izan dira mugikor, sare sozial eta bideo-jokoen erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuak ezagutzea, horien erabilera osasungarria eta kontzienteagoa bultzatzea, eta berdinen arteko harreman osasuntsuak sustatzea. Aldi berean, menpekotasun teknologikoen prebentzioa landu, maskulinitate hegemonikoaren inguruko hausnarketa kritikoa bultzatu, emozioak kudeatu, eta errealitate desberdineko pertsonengan kohesioa ere bultzatu dute saioetan dinamizatzaileek.
Saioak dinamikoak eta jolasen bitartekoak izan dira eta bideo-jokoei lotutako ondorioen artean hurrengoak agertu dira: eduki bortitza, sexuala eta sexista duten bideo-jokoekin jolasten dute parte hartzaile askok; joko batzuetan ez dute indarkeriarik ikusten, batzuek gehiegizko denbora igarotzen dute bideo-jokoetan jolasten eta hainbat ikaslek ondorioztatu zutela bideo-jokoetan ikusten eta agertzen diren gauzek badutela efektua beraien izaeran. Sare sozialei dagokienez, haurrek uste dute profil bat modu pribatuan izatea segurua dela sarean ibiltzeko, eta horregatik segurtasun eta pribatutasun neurriak azpimarratzeko beharra izan zen saioetan. Bestalde, sexualitatearen eta pornografiaren gaia askotan atera zen, Internet, sare sozial eta bideo-kontzeptuei lotuta, eta besteak beste, eduki sexista eta estereotipatuei buruzko hausnarketa egin zuten ikasleek, emozioak agertzeko arazoak aitortu zituzten, batzuetan beren burua mina egiten dutela gehituz, eta kasu batzuetan familiak ipinitako mugak beharrezkoak direla ulertzen dute.
“Horrelako ekimenek agerian uzten duten informazioa oso garrantzitsutzat jotzen dugu eta horregatik mota honetako programak sustatzen eta baliabideak eskaintzen segituko dugu, sozializazio modu desberdinak osasuntsuak izatea lortzeko, beraien arteko harremanei, heziketari eta emozioei lehentasuna ematen. Une honetan, Familia Eskolak antolatzen dituen saioetan ere horrelako gaiak jorratzen dituzte eta gurasoak animatzen ditut parte hartzera, denon artean gure seme-alaben ongizatearen alde egiteko harreman fisiko eta digitaleko inguruan”, amaitu du zinegotziak.