Gure ardatzak

Ongizate integrala lortze prozesuan faktore askok eragiten duten arren, Emoki lan taldetik hiru alderdi lantzeagatik egin dugu apustu, egun bizi dugun errealitatean oso beharrezko ikusi ditugulako. Hiru alderdi horiek, gure programa eta esku-hartze guztien ardatzak izango dira: adimen emozionala, teknologiaren eragina, eta sexualitate eta generoa. Programa edo esku-hartze batzuk ardatz konkretu batean egongo dira oinarrituta eta beste batzuetan berriz, hiru ardatzak egongo dira irudikatuta, eta haien artean uztartuta.

Baloreak

Gure lan eta esku-hartze guztiak, Emoki lan talde osoak adostutako balore eta ikuspuntuetan oinarrituta daude, gure helburuak betetzeko nahitaezkoak izango direnak: errespetua, berdintasuna, hezkidetza, euskararen sustapena, horizontaltasuna, aniztasunari arreta, autokritika eta berreraikitzea, ingurumenarekiko errespetua, gardentasuna, adierazpen askatasuna, bakea, autonomia, lankidetza, zerbitzua, erantzukizun soziala, ikuspegi integrala eta koherentzia.

Izenaren jatorria

Filosofia hau gure izenean islatzeko Japoniatik iritsi zitzaizkigun EMOJI eta KI terminoak elkartu ditugu. Emoji-ak sare sozial eta mezularitza digitalean gure aurpegiera islatzeko erabiltzen ditugu, nolabait elkarrizketaren inguruan sentitzen duguna adierazteko. KI-ak berriz, barruan daukagun indarra edo energia adierazten du, ezagutu, sentitu, atera eta erabiltzen ikasi behar duguna.

Helburua

Gure helburu orokorra pertsona guztiok bizitza afektibo-sexual osasuntsu eta kontzientea, kudeaketa emozional egokia eta teknologia berrien erabilpen egokia egiteko beharrezkoak diren ezagupen eta konpetentziak izatea da. Aurreko guztiak lortzekotan gure ongizate integrala eta ingurukoena bermatuko genuke.

Metodologia

Esku-hartze guztiak era oso dinamiko eta parte-hartzailean burutzen ditugu. Partaideen ekarpenetatik eta errealitatetik abiatuta lan egiten dugu, detektatutako beharrei momentuan erantzuna emanez gure ezagutza eta baliabideak haien eskura jarriz. Hausnarketak eta kontzientzia lantzea beti izango dira gure esku-hartzeen ardatz.